Niri buruz

Kaixo! Ainara naiz, web gune honen atzean dagoen argazkilaria.

Jaiotzez hernaniarra naiz eta lanaren ondorioz nire bizitza Hernani eta Zumaia artean egiten dut.

Pertsona Sentibera eta geldigaitza kontsideratzen naiz. Txikitatik sormenarekin zerikusia duten ekintzak gustatu izan zaizkit; pintura, marrazkia, eskulanak... baina nire zaletasun handiena argazkiak ateratzea da.

Argazkilaritzako zaletasuna nire aitarengandik datorkidala esango nuke. Beti izango dut gogoan bere Nikon kamera, oraindik ere erlikia moduan gordetzen duguna.Uste dut argazkiak txiki txikitatik egiten ditudala. Nahiz eta argazki kamera eskuartean ez eduki, inguratzen ninduen guztia eta arreta pizten zidana etengabe irudikatzean nuela mentalki.  6 edo 7 urterekin umeentzako argazki kamera bat oparitu zidaten denda batean, eta harekin egin nituen nire lehen esperimentuak.

1999an, 16 urte nituela argazkilaritzako hastapena eta sakontzea ikastaroa burutu nuen, nire aitaren kamera analogikoa bidelagun nuela. Garai hartan, kamera digitalen iraultza iristear zen oraindik eta etxean argazkiak errebelatzeko laborategia utzi zidan osabak. Hura bai izan zela aurkikuntza!

Ikastaro hark harrapatu egin ninduen barru barruraino eta nire bizitzako zati garrantzitsu bat bilakatu zen. Argazkilaritzak inguratzen gaituena nola sentitu eta ikusten dudan adierazteko aukera

ezinhobea eskaintzen dit. Galerietan ikusiko duzuen bezala, natura da nire inspirazio iturri nagusia, baita erretratuak egiteko ere.

Bereziki, azken 3 urteotan ama izan ostean, eta baita nire inguruko lagunak haurdun geratu eta guraso izateko bizi dugun prozesu transzendental horretan, familia eta haurren erreportajeei denbora handia eskaintzen ari naiz.

Estilo eta teknika berriak ikastea atsegin dut. Argazkilaritzako hainbat tailer eta lantegietan ere parte hartu dut azken urteotan hainbat argazkilari erreferenteekin:

  • 1999 "Argazkilaritza: hastapena eta sakontzea" Marisol Yaben.
  • 2014an "Natura argazkilaritza" . Mikel Arrazola.
  • 2017 "Ibaia erretratu gisa" argazkilaritza dokumentala. Lurdes R. Basolí.
  • 2017 "Urdin Urumea" Zianotipiari buruzko lantegia. Jon Cazenave.
  • 2017 "Begirada pertsonala" Isabel Diez.
  • 2018 "Jaioberrien eta haurren argazkilaritza" Ana Cruz.
Volver arriba